gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko urriak 5, larunbata
Jose Saramago
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > JOSE SARAMAGO
JOSE SARAMAGOREN AURKEZPENA
Basilio Posada


Portugesez munduan barrena (Portugalen, Brasilen, Afrikan...) idatzitako literaturak adierazmolde sortzailea eta hats berriko kemen narratiboa ekarri ditu XX. mende amaierako narraziogintzara. Gaur egun munduan gutxi dira portugesez idatzitako literatura bezain aberats direnak, erakutsitako giro anitz eta baliotsuen aldetik, eta adierazpide narratiboan dituen baliabide dialektalen aldetik. Zentzu askotan, ez dago halako beste literatura berritzaile eta harrigarririk mundu osoan.

José Saramago, bere herriko mugetatik kanpo idazle portugaldar ezagunena eta urtero-urtero Nobel Saria jasotzeko izendatutakoa, portugesez idatzitako literaturaren hizkuntz aberastasunaren eta gai aniztasunaren erakuslerik onena da.

José Saramago 1922an jaio zen Ribatejoko herriska batean, Portugalgo barren-barrenean, nekazari eta artisau familia batean. Bere literatur bidea 1947an hasi zen. Orduan administrari lanak egiten zituen aurrezki kutxa batean. Bere ikasketa ertainak 1939an bukaturik, arazo ekonomikoen eraginez ezin izan zuen unibertsitatera joan. Geroztik, era askotako lanak egin zituen: itzultzaile, editoreen aholkulari, zuzentzaile eta kazetari. Garai hartan liburu batzuk argitaratu zituen, 1975etik aurrera hasiko zen obra handiaren atari. Ordurako Saramago kazetari eta alderdi komunistako kide ezaguna zen, eta lanik gabe gelditu zen (Apirileko Iraultzak utzi zuen lanik gabe, edo iraultza ondorenak bederen). Orduan ekin zion idazteari era profesionalean.

Manual de pintura y caligrafía (1977, Pintura eta idazketari buruzko eskuliburua) eleberriak arrakasta handia lortu zuen irakurle eta kritikarien artean, baina Levantado do Chao (1980, Lurretik altxatua) obrak erakutsi zuen Saramagoren heldutasun estilistikoa. Salazarismoaren garaian nekazarien eta laborarien batasunen aurka izandako zapalkuntza salatzen du, eta herri zapalduarekiko konpromisua duen idazle handi baten sena erakusten du. Geroago etorri ziren Memorial do Convento (1982, Komentuko oroigarria), O Ano da Morte de Ricardo Reis (1984, Ricardo Reisen heriotzaren urtea), eta A jangada de pedra (1986, Harrizko baltsa). Azken obra horretan, Europako Batasunaz zalantza zorrotzak jarri zituen, eta Iberiar Penintsula bere area naturalarekin elkartzea proposatu: Afrika eta Amerika. Geroztik, Historia do Cerco de Lisboa (1989) eta O Evangelho Segundo Jesus Cristo (1991, Ebangelioa Jesukristoren arabera) eleberriak argitaratu zituen; azkenak istilu handi samarra eragin zuen, eta biak sari asko jaso zituzten argitaratutako herrialde guztietan. Obra horiek Saramagoren gaitasun narratiboaren emaitza bikainak dira, eta Europako egungo literaturaren alorrean dugun idazle handi eta engaiatuenaren erakusle.

Ensaio sobre a cegueira (1995, Saiakera itsutasunari buruz) fabula ikaragarria da gaur egungo munduaren krudeltasun gordinaz eta elkartasun ezaz.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net